2014(e)ko ekainaren 17(a), asteartea

OLENTZERO

OLENTZERO




Tradizio historikoan, Olentzero Euskal Herrian Eguberria eta Jesus Nazaretekoaren jaiotza iragartzen dituen euskal mitologiaren eta folklorearen pertsonaia da. Toki batzuetako kondairen arabera berriz, euskal mendietan bizi zen azken jentila, euskal mitologiako izakiak, alegia, da, Jesusen jaiotzaren ondoren beste Jentil guztiak desagertu eta gero gelditu zena.

Olentzeroren antzinako jatorria baserri girokoa da eta neguko solstizioko ospakizunetako pertsonaia da, non urte zaharraren amaiera eta urte edo eguzki berriaren etorrera ospatzen diren.

Normalki, Olentzero izenez ezagutzen den arren, aldaera batzuk daude herri eta eskualde batetik bestera, hala nola, Olentzaro, Onentzaro, Onontzaro, Orentzaro, Onentzero, Onantzaro, Onontzaro, Onontzoro, Orantzaro, Aranzaro eta Gomentzago. Izen horien jatorriari buruz zenbait teoria dago.





Elezaharrak



Kondairen arabera, Olentzero euskal mendietan bizi zen jentila zela aipatu dugu. Behin, jentilek zeruan izar handi bat ikusi zuten, eta zer ote zen galdetu zioten beraien arteko zaharrenari. Agureak izarrak Jesusen jaiotza, iragartzen zuela adierazi zien. Horrela, jentil guztiek ihesari eman zioten, amildegitik behera jausiz, Olentzerok izan ezik. Honek, menditik jeitsi eta Jesukristoren berri eman zuen. Horrela, Olentzero denbora mitologiko batetik kristautasunak ekarri zuen arorako trantsizio-pertsonaia da.








Historia




Egun Euskal Herri osora zabaldu den pertsonaia eta ospakizuna izan arren, Lesaka da antzinatik Olentzeroren ohitura modu finkatuenean iraun duen herria. Olentzeroren inguruko antzinako ohiturak inguruko herri eta eskualdeetan ere zabaldu ziren , hain zuzen, Bidasoaldeak, Beterriak, Bortziriek, Larraunek eta Araxes bailarak mugatzen duten eskualdean. Frankismo garaiko hainbat urtetan debekatua izan zen, euskal abertzaletasunaren ikur kontsideratzen zutelako agintariek. Beste batzuetan, Olentzero ospatu ahal izan zen, baina beste data batean. Ermuan, esaterako, Espainiako Gerra Zibilean, abenduaren 31an ospatu behar izan zen eta eragozpen hori tradiziotzat hartuta, egun horretan ospatzen da oraindik ere.






                                                           Lesakan Gabon eguna ospatzen





1950eko hamarkadatik aurrera, ordea, debekuak lasaitzen joan ziren eta Olentzeroak antolatzeko baimena eskuratu zen, baina errejimenaren onespenik gabe . Garai hartan, 1957 urtean kaleratu zen lehen aldiz Iruñean, 1972 urtean Tuteran eta 1973an Baztanen. Bizkaian, Deustun ospatu zen lehen aldiz 1968 urtean eta Ipar Euskal Herrian, 1972 urtean , Arrangoitzen. 1970eko hamarkadan zabalduz joan zen tradizioa, ikastolen gizarte mugimenduari esker neurri handi batean. Gaur egun, Euskal Herriko eguberrietako pertsonaia nagusia da eta ikastetxe, auzo eta herri gehienetan ospatzen dira horren inguruko ekitaldiak, Olentzero eguna ere deitzen den Gabon egunean gehienetan.



1970eko hamarkadatik Olentzeroren inguruko ohiturek berrinterpretazio sakona izan dute. Bizarzuri eta Errege Magoen ezaugarriak eta zereginak hartu ditu bere gain, hauek bezala haurrei opariak ematearena alegia. Hori dela eta, Bizarzuriren antzera, zaku bat bizkarrean duela irudikatzen da, haurrentzako opariez beteta. 





Hiru pertsonaiak haurrei opariak banatzen



Gehinetan bere itxura zikina, pipa erretzailea, jalea eta edale porrokatua izan ohi da, tradizioari jarraituz, baina instituzio ofizialetatik antolatutako ekitaldi gehienetan , Olentzero, piparik gabe, abstemio,hots, alkoholik edaten ez duena, eta dotore irudikatzen da . 










Olentzeroren itxura tradizionala                                           Olentzeroren beste itxura dotoreagoa


 XX. mendearen bukaeratik, Olentzeroren ekitaldietan gizonezko pertsonaia horrek duen protagonismoa emakumezko batekin orekatzeko asmoz, Mari Domingin, haren emaztearen edo neska-lagunaren rolean sartu da. Adituen iritziz, ordea, pertsonai honen lagun berriak ez du tradizioan inongo zerikusirik eta antzinako eguberrietako kanta batean agertzen den pertsona femeninoa besterik ez da.



                                                                  Mari Domingin 



XX. mendeko azken urteetatik pertsonai honen ibilbideak erreibindikazio eta protestak burutzeko erabili izan dira, maiz euskal preso politikoen alde. Espainiar nazionalismoaren aldetik, tradizio honen zabalkuntzak kritika gogorrak izan ditu, hau da, Euskal abertzaletasunak, haren figura modu artifizialean zabaldu eta ideologia abertzalea hedatzeko erabili izan duela argudiatu du. Iruñean, isunak eta bestelako trabak jarri zaizkie Olentzeroren ibilbideen antolatzaileei, bereziki haietan erreibindikazioak plazaratzen zirenean. Hala ere, herritarrek oztopo horiei aurre egin eta Olentzeroa ospatzen jarraitu dute. Giro horretan, Olentzero erasotua ere izan da: Areson, esaterako, herritarrek 2005. urtean zenbait guardi zibil, panpina ohosten harrapatu zituzten eta aurreko urteetan olentzero hautsita azaldu zen.


Olentzeroren inguruko ohiturak


Asko dira Olentzeroren inguruko ohiturak. Askotan, lagun-taldeak kalez kale eta etxez etxe Olentzero panpinarekin edo panpinarik gabe, eskeak egiten dira, haren abestiak kantatuz. Olentzeroren inguruan hainbat gabon abesti kantatzen dira, baina Olentzero joan zaigu... bertsoarekin hasten dena da ezagunena.


Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duanian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ematera.
Horra, horra,
gure Olentzero,
pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak erre baitu
arrautzatxoekin
bihar merendatzeko
botila ardoakin.
Olentzero buruhandia
Entendimentuz jantzia
Bart arratsian edan omen du
Hamar arroko zahagia
Hau urde tripa haundia!
Tralalala tralalalala (bis)

Antzinan arrautzak, txerrikiak, gaztainak, intxaurrak eta sagarrak biltzen ziren eta gaur egun bereziki dirua biltzen da. Olentzero panpina tximinian, leihoan eta balkoian zintzilikatzea ere ohikoa da. Batzuetan, ospakizunen ondoren, Olentzero erre egiten da, baina ohitura hori ez da oso zabaldua. 


Ohitura zaharrei jarraituz kalean abesten´






 Gure herrian, Tolosan, urtero abenduaren 24ean, Olentzero eta Mari Dominginek ibilibide bat egiten dute gazte askok argiztatutako antortxaz lagunduta. Trikitixaz, txirulaz... alaitutako musika banda lagun izaten dute eta udaberri dantza taldeko dantzari gazteak ere. Oso egun polita izaten da eta bereziki ilusioz beterik dauden umetxoentzat.






                                        Olentzero eta Mari Domingin Tolosako zerkausian

Josu Aginaga

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina